GARATE: AZERI BAT VENTOUX MENDIAN
egilea: Ander Izagirre,
Rabobank taldeak Tour izugarria zeraman 2009an. Ez zuten etaparik irabazi, ez zuten lasterkaririk lehen berrogeien artean eta jada Parisera iritsi eta etxera joan besterik ez zuten nahi. Mont Ventouxen amaitzen zen azken-aurreko etaparen aurreko bileran, Juan Antonio Flecha bere taldekideak animatzen saiatu zen:
- Ventoux mendi mitikoa da. Han irabaztea Paris-Roubaix irabaztea bezala da, gaur hustu egin behar gara...
- Bale, Flecha - moztu zion Juanma Garate irundarrak.
- Benetan: Ventouxen irabazten baduzu, txirrindularitzaren historiara pasako zara. Hemen Merckxek, Poulidorek, Charly Gaulek... irabazi zuten
- Ixo, Flecha, nik irabaziko dut pozik gera zaitezen.
Barreak izan ziren. Garatek gogoan du barreak izan zirela eta berak etapako hirugarren kilometroan egin zuela salto hamasei txirrindulariz osatutako taldearekin. Ibilbide erdian hamar minutuko aldea lortu zuten, baina faboritoen taldeek gogor tiratu zuten eta iheslariak Ventoux igotzen hasi ziren lau minuturekin bakarrik.
- Ni ondo sentitzen nintzen -dio Garatek-. Igoeraren lehen zatian azeleratu egin nuen taldea ahalik eta gehien murrizteko, ezustekorik ez izateko, lasterkari askoren artean eraso, kontraeraso eta zaintza-jokorik ez egoteko, hori deskontrola baitakizuke.
Gero pare bat aldiz abiatu zen eta Tony Martinek bakarrik jarraitu zion. Hurrengo urteetan alemaniarrak lau aldiz irabaziko zuen erlojupeko Munduko Txapelketa, bost etapa Tourrean, Paris-Niza bat, hamarkada batez tropeleko errodadore boteretsuenetako bat izango zen, baina une hartan 24 urteko debutaria baino ez zen. Garatek 33 zituen, beraz bere beteranotasuna jarri zuen jokoan.
- Aste batzuk lehenago Ventoux igo genuen Dauphinen, gogoan nuen. Basoko hamar kilometroak oso gogorrak dira, denbora guztian % 9 edo 10ean, hori zen nire aurkariak alboratzeko hobekien etortzen zitzaidan zatia. Baina ez zitzaidan interesatzen denak uztea. Reynard txaletetik aurrera malda leuntzen delako, baina mendi-hegal biluzian sartzen zarelako, harri zurizko ilargi-paisaia horretan, haizeak gogor jotzen duen tokian. Zerbaitegatik deitzen da Mont Ventoux (mendi zuritua)! Sei kilometro horietan urtu zaitezke haizearen kontra bakarrik bazoaz. Eta Tourreko faboritoak atzetik geneuzkan. Horregatik, Tony Martin atzetik nuela ikusi nuenean, pentsatu nuen: hau da azken kilometroraino taldekide perfektua.
Garatek jada begia bota zion Martini. Tourreko lehen astean, alemaniarrak erlojupeko oso ona egin zuen, Cavendishi esprintak jaurti zizkion, onenekin eutsi zuen lehen etapa menditsuan eta gazte onenaren maillot zuria jantzi zuen.
- Martin debutaria zen, baina ikusten nuen asko zebilela. Reynard Txaleta igaro eta arrapalak % 6-7ra jaitsi zirenean, tipoak plater handia sartu zuen. Txandaka igo ginen, primeran etorri zitzaidan.
Garatek Martinen laguntza behar zuen faboritoekin abantaila mantentzeko. Zazpi kilometro falta zirenean, aldea 1’15”ekoa baino ez zen. Ondoren, faboritoak kontrolatzen hasi ziren, sailkapen nagusiko lehen bi postuak erabakita baitzeuden Contadorrentzat eta Andy Schleckentzat, baina podiumeko hirugarren maila Armstrong, Frank Schleck eta Wigginsen artean zegoen jokoan segundo mordoxka batean. Elkarri erasotzen zioten, elkar neutralizatzen zuten, gelditu egiten ziren eta berriro elkarri erasotzen zioten. Markaketa horiek oxigeno pixka bat eman zieten Garateri eta Martini.
1,2 kilometroren faltan, Garatek Martini eraso zion. Zur eta lur eginik utzi zuen eta helmugara hegan egin zuen. Edo hala zirudien. Aurreraxeago alemaniarra irundarraren gurpilera itzuli zen-eta.
Telebistetan, esatariek Garateren gehiegizko konfiantzaz hitz egiten zuten: goizegi eraso du, haizearen kontra urtu da, orain ahalegina ordainduko du...
Baina Garatek nahita utzi zuen bere burua harrapatzen.
- Jiratu egin nintzen, tartea ireki nuela ikusi nuen, baina jada ez nuen zabaltzen. Martinek distantzia arriskutsura nindukan, eskueran, eta beldur nintzen ez ote nintzen erreko eta azkenean ez ote ninduen gaindituko. Itxurak egin nituen.
Martinek harrapatu ez ezik, aurreratu ere egin zuen, eta erritmo bizia ezarri zuen azken bihurguneraino, Garate beti gurpilean zegoela. Faboritoak zuzenen atzealdean agertzen ziren, berrogei segundora.
- Martinek nire itxurakeria sinetsi zuen. Urtu egin nintzela edo kalanbreak nituela pentsatu zuen, asko estutu ninduen atzean uzteko, baina benetan ahalik eta erosoen eramaten ninduen.
Azken bihurgunean, Garatek ziztu bizian atera zen. Helmuga zeharkatzean, eskuak askatu, ukabilak estutu eta euforiaz oihu egin zuen.
- Ez nuen amets bat bete, inoiz amestuko nukeena baino zerbait handiagoa lortu nuen.
Tourreko garaipen bat zen, Ventoux bezalako mendi mitiko bateko garaipena, Giroan eta Vueltan lortutakoei gehitzen zitzaien garaipena. Garatek balio handia ematen die hiru handietan lortutako garaipenei. Suitzako Itzulian etapa bat, Trentinoko Giroan beste bat eta Espainiako txapelketa bat ere irabazi zituen. Bere lehen urteak Italiako talde batean korritu zituen, Lampren, bere lasterketa nagusia Giroa izan zen beti (laugarren, bosgarren eta zazpigarren amaitu zuen, mendia ere irabazi zuen), ez zuen inoiz Tourra denboraldiko lehentasunezko helburutzat hartu. Baina, 33 urterekin, aukera izan zuen, eta bere indar eta beteranotasun guztia xahutu zituen mendi “zurituan” ezustekoa emateko.
Biharamunean Eliseoko Zelaietara iritsi zen, zorionez gainezka. Gau hartan, hotelean, igogailuko botoia sakatu zuen afarira jaisteko. Ateak ireki eta Tony Martinekin topo egin zuen.
- Ops! A ze aurpegia jarri genuen biok.
Garate beteranoak Martin gaztea baino hiru segundo lehenago koroatu zuen Ventoux, eta gero elkarrekin jaitsi ziren Pariseko jangelara.
AZKEN EUSKAL GARAIPENAK
XXI. mendeko euskal txirrindulari gutxik lortu zuten Juanma Garaterena bezalako palmaresa, baina berak agian errekonozimendu txikiagoa izan zuen atzerriko taldeetan korritzen zuelako… hain justu ere Euskaltel-Euskadiren urrezko garaian.
- Egia da hedabideek asko hitz egiten zutela etxeko taldeaz, zaleak marea laranjarekin iraulita zeudela, eta nik ulertzen dut. Gogoan dut behin Tourmalet igo nuela, ihes eginda, Egoi Martinez, Amets Txurruka eta Gorka Verdugo ere zihoazen talde batean. Ni nindoan tiraka, baina oihu guztiak “aupa Egoi, aupa Amets, aupa Gorka” ziren. Normala da, zalearen begia maillot laranjaren bila zihoalako.
Euskaltel-Euskadi desagertu egin zen, baina euskal txirrindularitzak presente jarraitu zuen Tourrean, eta beste pare bat garaipen lortu zituen agertoki garrantzitsuetan. 2016an, Ion Izagirrek Joux Planeko jaitsiera gogoangarria egin zuen euripean, jaitsieretan espezialistak ziren Pantano, Nibali eta Alaphilippe atzean utzi zituen, eta Morzineko helmugan irabazi zuen. 2018an, Omar Frailek ihesaldi bat errematatu zuen Mende aerodromoko igoeran, Alaphilippe, Stuyven eta Sagan bezalako aurkari indartsuen aurretik.
Honaino iristen ziren euskal garaipenak, honaino zabaltzen zen Tourra Euskaditik ateratzen denean are gehiago hedatu den historia, Pello Bilbao eta Ion Izagirreren bikainen eskutik.
Egilea: Ander Izagirre
Argazkiak: Sirotti eta Twitter Juanma Garate