Bilbao arkitektura, tradizioa, bizitza
BILBAO
Arkitektura, tradizioa, bizitzaGaur egun, nazioartean onartutako hirigintza erreferentzia da Bilbo, industria iraganari begirako errespetua eta bat-egitea baitaude bere abangoardismoaren indarraren oinarrian.
Bilbao
Eraldaketa honen ikonoa Guggenheim museoa da, Frank Gehryren lana. Arkitektura lan ikaragarria da, seguru asko entzuna izango duzuna. Etorri egin beharko duzu, zeure begiekin egiaztatzeko diseinuak eta arkitekturak hiri osoa bustitzen dutela; Abandoibarrako pasealekutik hasita. Museotik oso hurbil dago, eta ezin eztabaidatuzko xarma dauka. Pasealekutik eraikin berriak ikusi ahal izango dituzu; hala nola Isozaki dorreak edo Iberdrolaren dorrea. Diseinuzkoa da, halaber, hiriko metroa, Norman Fosterren zigilua daramana; eta baita Azkuna Zentroa ere.
Bilbora egiten duzun bisitan, Itsasadarra hartu erreferentziatzat. Horixe baita iraganean itsasontziak iristeko baliatzen zuten arteria, gaur egun, hiriaren bizimoduan giltzarri izaten jarraitzen duena. Haren bideari jarraituta, Bizkaiko Zubia aurkituko duzu, industria arkitekturaren eta Gizadiaren Ondarearen harribitxia. Itsasadarra eta bertako zubiak zeharkatzea hiriaren historian zehar ibilbide bat egitea da. Zubizuri izeneko zubia edo Arrupe igarobidea Bilbo berriaren ikonoak dira. Beste batzuek, berriz, 700 urte baino gehiago daramatzate bertan. Hiriaren iraganaren ordezkari paregabeak dira.
Itsasadarrari jarraituta iritsiko zara, halaber, Zazpikaleetara. Giro biziko Zazpikaleetan ibiliz gero, ia ohartu ere egin gabe, pintxoak jaten edo txikitoak hartzen hasiko zara.
Bizkaia
Lurralde aurreratu eta modernoa izateagatik da batik bat ezaguna Bizkaia, baina baita tradizioak ondo gordetzen jakin duelako eta kontrastez betetako lurraldea delako ere.
Denetarik dugu lurralde honetan, hirigune urbanizatuetan zein izaera landatarra ondo gorde duten eskualdeetan. Batetik, Bizkaiko Meatzaldea nabarmen dezakegu, hainbat hamarkadatan burdina ustiatu duen ingurunea, alegia; jarduera horrek, gainera, aberastasun handiko guneak utzi ditu inguruotan, aztarna industrialak zein meatzari-auzuneak, hala nola Zugaztieta.
Bestetik, barnealdeko mendiak, Anboto eta Gorbeia kondairaz beteriko tontor mitikoak tartean, itsasoraino iristen dira, hondartza ederrek eta xarma handiko portuek osatzen duten kostalde malkartsua sortzeko.
Kostaldea
150 kilometrotan, urre koloreko 29 hareatza, itsaslabar ikusgarriak eta ingurune natural paregabeak aurki ditzakegu. Muskiztik Ondarroara bitartean, kostaldeko herriek gogo biziz ospatzen dituzte itsasoarekin lotura duten jai eta tradizioak; besteak beste, estropadak, Kaxarranka -Lekeition San Pedro egunean egiten den dantza ezaguna-, eta beste hainbat ohitura bitxi nabarmentzen dira.
Halaber, kostalde inguruan jarraituz gero, lurralde honetako ikurretako batzuk ikusiko ditugu, tartean, Bizkaiko Zubia, Gizateriaren Ondare izendatu duten monumentua, eta Gernika, 1937ko bonbardaketa dela eta (ondoren, Picassok koadro ezagunean jaso zuen) balio sinboliko handia duen herria. Horrez gainera, edertasun handiko beste paisaia asko ditu Bizkaiko kostaldeak, besteak beste, Gaztelugatxeko Doniene eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba, hegazti migratzaileen babesleku diren naturgune bikainak.
Barrualdea
Barrualdean ere, erakargarri egiten duten ezaugarri asko ditu lurraldeak, Erdi Aroko hiribilduak zein parke naturalak, esaterako. Durangaldeak, Arratiak eta Enkarterrik Bizkaia landatarraren kutsua gordetzen dute oraindik eta, horrez gainera, bisitaria liluratuta utziko duen kultura eta historia ondare aberatsa dute. Durango, Elorrio, Urduña, Balmaseda eta beste udalerri batzuk, haien jauregi, armarridun etxe, harresi eta eliza ederrekin, Bizkaiko arkitekturako altxorrak dira, bisitaria txundituko duten gune paregabeak, hain zuzen.
Bilbok diseinuaren aldeko apustua egin du hiriaren birmoldaketan