Tour de France
Frantziako Tourraren Euskadiko irteera

Donostia

Donostia

Zinema hiria

Munduko hiririk ederrenetakoa dela diote askok, eta Santa Klara uhartetxoa erdian duen maskor itxurako badia ederra da, zalantzarik gabe, Donostiako irudirik ezagunenetakoa.

Donostia

Itsasoak, mendiek eta Urumea ibaiak bat egiten dute hirigune antolatu horretan, eta etxe dotoreak eta arkitektura modernoko eraikinak nonahi aurki ditzakegu: Kursaal Rafael Moneoren jauregia, kongresu eta kultura ekitaldi askoren eszenatokia, tartean.

Bestalde, gastronomia da Donostian eta, oro har, Gipuzkoan, azpimarratu beharreko beste ezaugarrietako bat. Hala, sukaldaritza ona gogoko dutenek gastronomia eskaintza ezin hobea dute lurralde honetan; usain, zapore eta gustu guztien neurrira egina, hain zuzen. Michelin izarrak dituzten jatetxeetatik eta taberna askotako barrak apaintzen dituzten pintxo gozoetatik hasi eta elkarte gastronomiko, azoka, merkatu eta sagardotegietara (azken horiek, Astigarraga, Usurbil eta Hernani inguruan daude batik bat). Gipuzkoan, aukera zabala da oso.

Donostia Turismo (leiho berri batean irekitzen da)

Gipuzkoa

Ametsezko hondartzak, hiribildu monumentalak, mendi ikusgarriz inguratutako hiriak eta kultura zein gastronomia aukera zabala eta oparoa. Gipuzkoa lurralde anitza da eta bertako eskualde bakoitzak bere nortasuna dauka. Kantauri itsasoaren urdinetik barrualdeko naturguneetara, landaguneetatik zein horietatik kilometro gutxira dauden herri industrialetara: hori guztia esparru txiki batean dago, mutur batetik bestera autoz ordubetean egin dezakegun ibilbidean. Izan ere, hedaduraz Araba eta Bizkaiarekin alderatuta txikiena dugu. Kontrastez beteta, errotuta dauden tradizioak eta teknologia, enpresa eta arte abangoardiaren goreneko maila uztartzen jakin du Gipuzkoak.

Gipuzkoa Turismo (leiho berri batean irekitzen da)

Kostaldea

86 kilometrotan, erakargarri bihurtzen duten ezaugarri asko ditu Gipuzkoako kostaldeak. Mendebaldeko itsasertzetik jarraituz gero, Zarautz, Getaria eta Mutriku herriak, esaterako, turista askoren opor-leku dira, hondartza, eraikin eta erakargarri kultural zoragarriei esker. Aurrerago, naturak euskal kostaldeko paisaiarik txundigarrienetakoa eskaintzen digu Zumaia eta Deba herrien artean, itsaslabar malkartsuetako formazio geologiko bitxiak edo flysch-a, hain zuzen.

Ekialdean, berriz, Bidasoa-Txingudi eskualdea topatuko dugu, mugan. Igarobide garrantzitsua izan da inguru hori betidanik, eta horrek eragin nabarmena izan du bi herritan; Hondarribian, harresidun hiribilduan, eta Irunen, merkataritzari lotutako hirian.

Barrualdea

Halaber, barnealdean ere ezkutatzen ditu txoko eta bazter ederrak Gipuzkoak. Mendi tontorren babesean eta haran berdeetan barrena ibilbide ugari egiteko aukera du bisitariak, oinez, bizikletaz zein zaldi gainean. Landaguneetan, gainera, euskal kultura eta folklore tradizioak ongi gorde dituzte, baita euskara ere (biztanleriaren gehiengoaren ama hizkuntza dugu).

Aralar mendilerroak eta Txindoki mendi ederrak marrazten dute Goierriko eta Tolosaldeko paisaia, eta landa giroari eutsi dioten herri xarmangarrietan murgilduko gara han.

Mendebaldean, Urola eta Deba bailaretan, Gipuzkoako ondare aberatsaren altxorrik preziatuenak topatuko ditugu, arte erromanikoaren, barrokoaren eta abangoardiaren adierazgarri: Antiguako ermita, Zumarragan; Loiolako santutegia, Azpeitian; eta Arantzazu, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren magalean.

Banco de la playa de la concha de San Sebastian

Gastronomia da Donostian eta, oro har, Gipuzkoan, azpimarratu beharreko beste ezaugarrietako bat