Bidegorriak
Bidegorriak
Esperientziak bizikletanPedal-kolpez Euskadi ezagutu. Lurralde hau aulkitxo batetik bizi, ezagutu eta sentitu. Milaka aukera dituen helmuga. Zatoz eta aukeratu, zure zain gaude!
Ezagutu Euskadi bizikletaz!
Mugikortasun iraunkorraren aldeko apustuan, Euskadik eta bere hiru lurralde historikoek bidegorri-sare oso bat zabaldu dute (bizikleta-bideak). Bilbo, Donostia eta/edo Gasteiz pedal kolpez ezagutu nahi dituzu? Garraiobiderik osasungarrienean eta gutxien kutsatzen duenan mugitu nahi zure egunerokoan? Sare zabala duzu hirietan eta hrrietan zirkulatzeko eta lekuen xarma guztiez gozatzeko.
Hurrengo esteketan geolokalizaziodun mapak dituzu, hiri eta lurralde bakoitzaren aukerak xehetasunez ezagutu ahal izateko.
Hirietan askatasunez ibiltzeaz gain, bakoitzak bere altxorrak ezagutzeko ibilbideak sortu ditu. Animatzen zara?
Bilbon, Areatzatik abiatuta eta bizikletan eroso egiten den ibilbide batean zehar, hiri moderno honetako ikono batzuk ezagutzeko eta haiekin gozatzeko aukera izango dugu: Guggenheim museoa, Euskalduna Jauregia eta itsasadarra, besteak beste.
Dena dela, ezin gara geratu gomendatutako ibilbidetik hurbil dauden beste Leku interesgarri batzuk ezagutu gabe, hala nola San Mames estadio berria, Jesusen Bihotza eta atseden hartzeko eta lekuaren ederraz gozatzeko aukera emango digun Casilda Iturrizar parkea.
Itzultzeko bidean, hiria itsasadarraren beste aldetik ikusteko aukera izango dugu. Bilboko ikuspegi desberdina da, oso erakargarria.
Bidegorrien sare zabala baliatuta, modu eroso eta desberdinean bisita daiteke hiri eder hau. Mundu osoan ospe handia duten lekuetako batzuk ezagutzeko aukera izango duzu. Ibilbide honetan zehar, bisitariak Kursaalaren irudi izugarria ikusi ahal izango du (bertan hasten da ibilbidea), munduko hiri-hondartzarik ospetsuenaren ondotik ibili ahal izango da bizikletaz (Kontxako hondartzaren ondotik, alegia) edota Eduardo Chillidaren “Haizearen orrazia” eskulturarekin gozatu ahal izango du. Halaber, Real Sociedad futbol-taldearen Anoeta estadioa bisitatzeko edota Urumea ibaia Kantauri Itsasora iritsi aurretik zeharkatzen duten zubi ederren irudiarekin gozatzeko aukera izango du.
Gasteizek bi ibilbide ditu, Bat hirian zentratuagoa eta bestea inguruko natura aberatsean.
Gasteizko Eraztun Berdearen Bira hiria inguratzen duen 30,8 kilometroko ibilbide zirkularra da. Eraztun Berdea osatzen duten parke guztiak zeharkatzen eta lotzen ditu. Birara erraz sar daiteke hiriko edozein lekutatik. Dena dela, Andre Maria Zuriaren plaza proposatzen dugu irteteko leku gisa. Senda ibilbidea lotune gisa erabilita, Armentiako San Prudentzio basilikara iritsi eta inguruetan sartu ahal izango gara Biran. Ibilbideak oso ingurune desberdinak zeharkatzen ditu: ohiko baso-ingurunea Zabalgana eta Armentiako parkeetan, hiri-ibilbidea aldirietako auzoetan zehar eta abar. Zati handi bat Eraztun Berdeko bideetan egiten da. Ibilbidearen zailtasuna ertaina/txikia da, familiarentzat zein kirola egiteko ohitura handiagoa dutenentzat. Leku aproposa da bizikletaz zeharkatzeko.
Biran zehar, ingurumen- eta kultura-intereseko lekuak aurkituko dituzu, baita atseden hartzeko eremuak, iturriak eta begiratokiak ere. Hiri-izaerarik handieneko tartean, gainera, kafetegiak eta saltokiak ditugu ibilbidetik metro gutxitara.
Uribarri Ganboa urtegia oso-osorik inguratzen duen ibilbidea da. Landatik edo Garaiotik irten daiteke. Nahi izanez gero, Gasteiztik ere abia daiteke, lotune gisa Vasco Navarro bide berdea erabilita (ibilbidea 12 km ingurutan luzatzen da).
Ibilbidea oso interesgarria da, eta gozatu egingo dugu hainbat pasabide zeharkatzean eta paisaia berde zoragarriak ikustean. Halaber, hegaztiekin gozatzeko aukera izango dugu perimetralak dituen begiratokietan.
Euskadi bizikletaz ezagutzeko esperientzia ahaztezina egiteko behar duzun guztia