TOURREKO IRTEERA HANDIAREN GIDA PRAKTIKOA ARGITARATU DA GRAND DÉPARTEKO WEBGUNE OFIZIALEAN

- Etengabe eguneratuko den eta deskargatu ahal den gida bat da, ekitaldiei, mugikortasunari eta segurtasunari buruzko informazio praktiko guztia biltzen duena, trafikoan eragin garrantzitsuak izango diren jardunaldi horiei begira.
- Joan-etorriak denbora askorekin planifikatzea, auto pribatua saihestea eta garraio publikoa erabiltzea (batez ere trena) dira gidaren lerro nagusiak.
- Nahitaez ibilgailu pribatuan mugitu behar dutenek, WAZE aplikazioan trafikoaren egoeraren inguruko informazioa izango dute, denbora errealean. Egun horietan egongo diren mozketak eta ibilbide alternatiboak aurkituko dituzte.
Grand Départ Pays Basque 2023ko Gida Praktikoaren helburua, herritarrek, Euskadin izango dugun Frantziako Tourraren Irteera Handia dela eta, beraien egunerokoa antolatzeko informazio guztia dokumentu bakar batean kontsultatu ahal izatea da. Gida “bizia” da, hau da, garraio-modalitate ezberdinetan aldaketak izan ahala eguneratuko dena, aldirietako aparkaleku gehiago jartzen direnean, etab. Beraz, oso garrantzitsua izango da Grand Départaren webgune ofizialean sartzea eta eskuragarri dagoen azken bertsioa deskargatzea beti.
Horrela, formatu bateratu baten, herritarrek eskura dute Grand Départa ospatuko den egunetan eragingo dien informazio guztia. Garraio-operadore publiko guztien plataformetarako estekak; ekitaldi nagusien programa; etapa bakoitzaren mapak eta errutometroak; karabana-aparkalekuak; etapen irteeren eta helmugen xehetasunak; eragin handienak izango dituzten ibilbideen itxierei eta irekitzeei buruzko informazioa (Pike edo Jaizkibel, besteak beste), antolatutako ekitaldiak... Gidak ikuspegi orokorra eta praktikoa eskaintzen du, Frantziako Tourrak mugikortasunari eta eskura izango diren aukerei nola eragingo dien azaltzeko.
Jasotako informazio guztiaz gain, funtsezkoa izango da joan-etorriak denbora askorekin planifikatzea. Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, batez ere trena, ez baitu eraginik izango, Euskotren edo Metro Bilbao kasu.
Autoa hartu behar izanez gero, WAZE aplikazioa deskargatzea gomendatzen da, trafikoaren egoera denbora errealean ikusteko. Aplikazio honetan arian-arian kargatzen ari dira jada programatuta dauden trafiko-eraginak (ibilbide-mozketak, adibidez) edo jardunaldi horietarako erabilgai egongo diren aldirietako aparkalekuak. Ibilgailu pribatuei zuzendutako aplikazio honek bidaia edo desplazamendu bat kargatzeko aukera ematen du, eta aurreikusitako afekzioen arabera, irteera-ordua, ibilbiderik egokiena… iradokitzen du. Laguntza guzti hau, aldez aurretik eta denborarekin egindako planifikazioarekin konbinatzea gomendatzen da, eta ez azken unera arte itxarotea.
Segurtasuna lasterketan
Publizitate-karabana pasatzen denetik lasterketako azken ibilgailua igarotzen den arte, bidea ibilgailuen zirkulaziorako itxita egongo da. Animazio eta txirrindularien desfile ikusgarri horretaz gozatzeko, gidak hainbat aholku ematen ditu:
- Babestu zure seme-alabak.
- Ez arriskatu ezer argazki batengatik
- Ez korrika egin txirrindulariekin.
- Errespetatu txirrindularien esfortzua.
- Ez piztu bengalarik errepidean.
- Mantendu uneoro maskotak uhalarekin.
- Ez inbaditu errepidea