Tour de France
Frantziako Tourraren Euskadiko irteera

2023KO FRANTZIAKO TOURRAREN IRTEERA HANDIAK 103 MILIOI EUROTIK GORAKO INPAKTUA IZAN DU EUSKAL EKONOMIAN

  • 12,2 milioiko azken aurrekontua erreferentziatzat hartuta, Grand Départ Pays Basque 2023an inbertitutako euro bakoitzeko itzulkina 8,5 eurokoa izan da.
  • Ikertaldek egindako azterketaren arabera, ekitaldiak 904 enpleguren baliokidea den jarduera ekonomikoa sortu du, zergetan ia 19,5 milioi berreskuratzeaz gain.
  • Tourraren irteera handiak herritarren % 91ren babesa jaso du, eta % 86k uste du poztasun une handiak sortu dituela Euskadin.

Grand Départ Pays Basque 2023 ekimenak 103,9 milioi euroko inpaktua izan du Euskadiko ekonomian. 12,2 milioiko azken aurrekontua izan duen ekitaldiaren batzorde antolatzailearentzat Ikertaldek egindako txostenetik ondorioztatzen den datu nagusia da. Beraz, inbertitutako euro bakoitzak 8,5eko itzulera ekarri du. Datu horien arabera, ekitaldiak urtekotutako 904 enpleguren baliokidea den jarduera ekonomikoa sortu du, 58 milioi BPG baino gehiago sortzeaz gain, garatutako jardueraren ondorioz, eta diru-kutxa publikoetarako ia 19,5 milioi biltzeaz gain.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur goizean Euskalduna Jauregian eman dituen datu nagusiak dira. Juan Mari Aburto (Bilboko Alkatea), Xabier Ochandiano (Bilboko Udaleko Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko Zinegotzia), Cristina Múgica (Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde-Lehiakortasuneko eta Turismoko Zuzendaria), Ainhoa Salterain (Amorebieta-Etxanoko Alkatea), Eduardo Aguinaco (Arabako Foru Aldundiko Arlo Estrategikoen Zuzendaria) eta Susana Alfonso (Gasteizko Udaleko Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuko Zuzendaria) ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Ikertaldek, estatistikaren, ebaluazioaren eta aholkularitzaren arloan hogeita hamar urte baino gehiagoko esperientzia duen enpresak, egindako azterlan osoa aurkeztu du.

Zifra aipagarrienak zehaztu aurretik, Zupiriak balioa eman nahi izan dio Grand Départ Pays Basque 2023 izan denari, "herri proiektu handi bat, maila goreneko erakunde arteko lan handia, aitzindari atal askotan, mundu mailako ekitaldi antolatzaile handienetako baten, Frantziako Tourraren, aintzatespena eta zorionak jaso dituena. Nazioarte mailan ekitaldi handiak egiteko leku erakargarrien ligan Euskadik duen lekua eta irudia indartu da euskal gizarteak egindako esfortzu handiari eta erakutsitako konpromisoari esker, gertaera arrakastatsua izan dadin dena eman duelako", nabarmendu du sailburuak.

Inpaktu ekonomikoa

Txostenak 103,9 milioitan balioesten du Grand Départ Pays Basque 2023ak euskal ekonomian izan duen eragina. Ekitaldiak 12,2 milioiko azken aurrekontua izan du, eta Euskadiko zazpi erakunde nagusiak inplikatu ditu, hala nola Eusko Jaurlaritza, 3 aldundiak eta hiru hiriburuetako udalak. Ekitaldia prestatzeko eta garatzeko, antolakuntza-batzorde bat sortu eta martxan jarri behar izan zen, munduko hirugarren kirol-ekitaldi handiena antolatzeak eskatzen zituen behar guztiak biltzeko, garatzeko eta horiei erantzuna emateko.

Euskadiko historian mugarri handi hau aurrera ateratzeko egindako 113 zerbitzu-kontratuetatik 104 euskal enpresek kudeatu dituzte, % 92. Kontratek, askotan, maila operazional eta teknologiko handiagoan bultzatu dituzte enpresak, proiektuaren konplexutasunarekin, dimentsioarekin eta proiekzioarekin lotuta, bai eta produktu eta zerbitzu berriak sartzearekin ere.

Bestalde, Grand Départ Pays Basquek 54 milioi euroko zeharkako inpaktua izan du euskal ekonomian. Kopuru horren barruan sartzen dira Tourrera bertaratzen diren eta antolakuntzatik kanpoko pertsonek egindako gau-gastuak, erosketak, garraioa edo jarduerak, baita tokiko publikoak berak eragindakoak ere.

Inpaktu soziala

Txostenak nabarmentzen duenez, euskal herritarren % 91 Frantziako Tourraren 110. edizioko irteera handia antolatzearen alde agertu dira, eta Euskadik helmuga turistiko gisa duen posizionamendua hobetu dela uste dute. Ehuneko berak azpimarratzen du egun horietan Euskadi izan zela munduko albiste eta gertakarien erdigunea. % 82k uste du Tourraren irteerak Euskadiko gizartea integratzeko balio izan duela, eta % 86k zoriontasun-uneak eragin dituela. Gainera, % 80a harro agertu da munduko txirrindularitza probarik garrantzitsuena gure errepideetatik igaro delako. Herritarren % 85ek uste du antzeko ekitaldi gehiago ekarri behar direla.

Grand Départ delakoaren zuzeneko jarraipena

Herritarrak bete-betean murgildu ziren nazioarteko kirol-ekitaldi handienetako bat bertatik bertara disfrutatzeko. Grand Départ Pays Basquek milioi bat pertsona inguru (988.000) bertaratu zituen bere ekitaldi nagusietara. Bilbon irteera eta helmuga izan zuen inaugurazio egunean 364.000 pertsona inguru bildu ziren. Bestalde, 294.000 lagun inguru bildu zituen Vitoria-Gasteiz eta Donostia lotu zituen bigarren etapak. Hirugarren eta azken etapak, Amorebieta-Etxano eta Baiona artekoak, 179.000 bizilagun batu zituen Iruneraino. Publiko horren % 30a, gutxi gorabehera, Euskaditik kanpotik etorritako bisitariak izan ziren.

Datu horiei gehitu beharko litzaizkieke ekainaren 29an taldeen aurkezpen ofizialera hurbildu ziren 45.000 pertsona inguru eta ekainaren 29tik uztailaren 1era Bilboko Areatzan kokatu zen Fan Park zaleentzako gunea bisitatu zuten beste 106.000 lagun; kopuru hori errekorra izan da Tourraren historian, 2019an Bruselak lortutako 78.000 bisitariak gaindituz.

Jarraipen mediatikoa

Frantziako Tourraren handitasuna itzela da. Adibidez, Europan bakarrik 150 milioi ikus-entzulek zuzeneko 750 milioi telebista ordu ikusi dituzte. Edota lasterketa mundu osoko ia 200 telebistatan ikusi ahal izatea. Datu orokor horiez gain, Grand Départ Pays Basquek, kirol-ekitaldiaren mugarri nagusietako bat den aldetik, 4,1 milioi pertsona bildu zituen estatuan telebistaren aurrean, lehen hiru etapez gozatzeko. EITBk 600.000 lagunetik gorako audientzia metatua izan zuen hiru egun horietan, eta inaugurazio egunean % 19ko audientzia izan zuen. Tour osoan, EITBk 460.000 erabiltzaile bakar pilatu zituen, bere emanaldien historian mugarri bat.

Irteera handiko webgune ofiziala (https://letour.euskadi.eus), lau hizkuntzatan, ia 300.000 erabiltzailek 420.000 saio sortu zituzten, horietatik % 20k baino gehiagok zuzeneko sarbidea izan zuten, eta horrek erakusten du zer-nolako garrantzia izan zuen zaleentzako informazio- eta entretenimendu-tresna gisa. Gaitutako sare sozialak ere komunikazio-kanal oso garrantzitsu eta aktibo bihurtu ziren, 16.000 jarraitzaile ingururekin, 9,5 milioiko irismenarekin, inprimaketekin eta bistaratzeekin, martxan jarritako lau sareak gehituz: X (lehen Twitter), Facebook, Instagram eta Youtube.

Grand Départ Pays Basque ekitaldiaren eragin mediatikoaren barruan sartzen dira, halaber, idatzizko hedabideetan, telebistan, irratietan eta hedabide digitaletan prozesu osoan zehar izan diren argitalpen guztiak, Parisen "Trophy Tour" jaso zenetik hasi eta Florencia Emilia - Romagna-n egoitza berri gisa entregatu arte. Tarte horretan, 18.000 argitalpenetan agertu da Grand Départ Pays Basque 2023, eta horien % 88 aldi "nagusian", taldeen aurkezpenaren eta hirugarren etaparen artean. Argitalpen horiek 69.000 milioi baino gehiagoko audientzia-kopuru potentziala izan dute, % 89 aldi nagusian. Audientzia horrek sortutako kontrabalio ekonomiko baliokidea 115,2 milioi eurokoa dela kalkulatu da. Beste era batera esanda: hedabideetan lortutako presentzia lortzeko 115,2 milioi euro inbertitu beharko ziren.

TXOSTEN LABURTUA (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da)

TXOSTEN OSOA (PDF, 8 MB) (leiho berri batean irekitzen da)