Tour de France
Frantziako Tourraren Euskadiko irteera

TOURRAREN IRTEERA HANDIAREN ASTEAK MILIOI BAT LAGUN INGURU ATERA ZITUEN KALERA EUSKADIN

  • Hiru etapetan 840.000 pertsona inguru bildu ziren. Datu honi, taldeen aurkezpenaz gozatu zuten 30.000 zaleak eta Fan Parkera hurbildu ziren beste 100.000 lagun baino gehiago gehitu behar zaizkio.

Frantziako Tourrak Pariserako bidean pedalei eragiten jarraitzen duen bitartean, Euskadik oraindik ere bere kale eta errepideetan bizitako une handiak gogoratzen eta gozatzen jarraitzen du. Herritarrak bete-betean murgildu ziren nazioarteko kirol-ekitaldi handienetako bat bertatik bertara disfrutatzeko. Eta oihartzunak oraindik bizirik darrai.

Horrela, lehen kalkuluen arabera, 840.00 pertsona inguru atera ziren kalera uztailaren 1ean, 2an eta 3an lasterketa zuzenean ikustera. Bilbon irteera eta helmuga izan zuen inaugurazio egunean 364.000 pertsona inguru bildu ziren. Bestalde, 294.000 lagun inguru bildu zituen Vitoria-Gasteiz eta Donostia lotu zituen bigarren etapak. Hirugarren eta azken etapak, Amorebieta-Etxano eta Baiona artekoak, 179.000 bizilagun batu zituen Iruneraino. Publiko horren % 30a, gutxi gorabehera, Euskaditik kanpotik etorritako bisitariak izan ziren.

Datu horiei gehitu beharko litzaizkieke ekainaren 29an taldeen aurkezpen ofizialera hurbildu ziren 30.000 pertsona inguru eta ekainaren 29tik uztailaren 1era Bilboko Areatzan kokatu zen Fan Park zeleentzako gunea bisitatu zuten beste 106.300 lagun; kopuru hori errekorra izan da Tourraren historian, 2019an Bruselak lortutako 78.000 bisitariak gaindituz. Irekiera egunean 16.100 lagunek bisitatu zuten Fan Gunea, bigarrenean 46.900 pertsonek eta azken egunean, 43.300 lagunek.