EUSKADIK FLORENTZIA EMILIA - ROMAÑARI EMANGO DIO TOURREKO IRTEERA HANDIAREN ERRELEBOA ADIERAZTEN DUEN GARAIKURRA IGANDEAN PARISEN
- Igande honetan, uztailak 23, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak "Trophy Tour" delako garaikurra emango dio Dario Nardella Florentziako Alkateari, Frantziako Tourraren 110. edizioari amaiera emango podium ekitaldian. 2024ko Grand Départa Florentzia Emilia - Romañatik abiaraziko da.
- Ziortza Villa eta Julián Sanz ultrafondistek, 2022an Paristik Bilboraino pedalei eraginez, ia gelditu gabe ekarri zuten garaikur bera da. 48 ordu baino gutxiagoan 1.000 kilometro baino gehiago egin zituzten, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Amorebieta-Etxano zeharkatu ondoren.
Tradizioak adierazten duenez, Eliseo Zelaietan lasterketa amaitu ondoren, hurrengo egoitzak lekukotza hori irudikatzen duen garaikurra hartzen du. Horrela, 2023ko edizioaren azken helmuga zeharkatu ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak erreleboaren ikurra Dario Nardella Florentziako alkateari pasako dio, izan ere, 2024 urteko Tourreko Grand Départ Florentzia Emilia - Romañan izango da. Hala, euskal erakunde nagusiek Grand Départ Pays Basque 2023a antolatu, errealitate bihurtu eta ospatzeko aurrera eraman duten ekimen itzel honi amaiera ezin hobea emango zaio.
Parisen, Juan Mari Aburtorekin batera, hainbat agintari izango dira, hala nola, Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko zinegotzia eta Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria. Gogoratu beharra dago, Pello Bilbao eta Ion Izagirreren eskutik, euskal txirrindularitzak bi garaipen historiko eta bikain erdietsi ditu orain arte aurtengo edizioan.
Grand Départ Pays Basque 2023ak, Euskadik mundu mailako kirol-ekitaldiak arrakastaz hartu eta antolatzeko duen gaitasuna balioesteko eta berresteko balio izan du, baita euskal herritarrek kirol-ekitaldi handietan erakusten duten pasio eta inplikazioa agerian uzteko ere, batez ere txirrindularitzarekin lotutako txapelketetan.
Izan ere, lehenengo kalkuluen arabera, milioi bat pertsona inguru atera ziren kalera Tourraren Euskadiko Irteera Handiaren asteaz gozatzeko. Hiru etapek 840.000 lagun inguru bildu zituzten, eta horiei gehitu behar zaizkie taldeen aurkezpenaz gozatu zuten beste 30.000 pertsona eta Fan Parkean ibili ziren beste 106.300 lagun. Laburbilduz, herritarrak bete-betean murgildu ziren nazioarteko kirol-ekitaldi handienetako bat lehen pertsonan gozatzeko.
EUSKADIRA EKARTZEKO ERRONKA BEREZIA 2022AN
Grand Départ Pays Basque 2023 ospatu arte, Tourreko garaikurraren trukea Frantziako hiriburuan egiten zen, Parisen, eta ohiko bideetatik eramaten zen hurrengo egoitzara, hegazkinez edo autoz, esaterako. Euskadik, ekitaldiarekin hunkituta, formula original bat planteatu zuen, adiskidetasuna, esfortzua, dedikazioa eta hobetzeko grina, txirrindularitzarekin lotutako balioak, garaikurra Euskadira ekartzeko erronkarekin uztartuz. Abentura handia.
Honela, garaikurra jaso bezain laster, Ziortza Villa eta Julian San ultrafondistek hasiera eman zioten erronkari. 1.000 kilometro baino gehiago zituzten aurretik 48 bat ordutan Bilbo eta Paris lotzen zituen bidea egiteko. Aldez aurretik Donostiatik, Vitoria-Gasteiztik eta Amorebieta-Etxanotik igaro ziren, hiri horietako bakoitzean agintariek eta publikoak harrera berezia egin zioten espedizioari.
Ibilbide hau zuzenean jarraitu ahal izan zen tracking plataforma baten bidez eta ondoren web orrialde bat egin zen lekualdatzearen historia guztia jasotzen duena.