Bizitour
Bizitour
Welcome to the Bike CountryGrand Départ Pays Basque 2023aren baitan egingo diren ekitaldi ugarien artean, hiru hiriburuetan ospatuko diren ‘Bizikleta Jaiak’ nabarmentzen dira BIZITOUR izenekoak. Jai giroan bizikletaz familiarekin, lagunekin… gozatzeko jardunaldi ludikoak izango dira. 10 kilometro baino gutxiagoko ibilbideak, adin eta publiko guztientzako egokiak, baita tailerrak, jolasak, erakusketak eta bestelako jarduerak ere, Donostia, Gasteiz eta Bilbo bizikletaren benetako ‘parke tematiko’ bihurtzeko, garraiobide eta aisialdi gisa.
Tourraren etorrera aurreratuko duten jaiak izango dira, txirrindularitzaren onenaz aldez aurretik gozatzeko eta giroa ‘berotzen’ joateko aukerak, emozioa sortuz eta herritar guztiei bizikletarekiko grina bultzatuz. Ekitaldi hauetan parte hartzeak aukera emango du historiaren parte izateko, familian, lagunekin… modu dibertigarri, atsegin, erraz eta parte-hartzailean. Azken finean, aukera paregabea da lasterketa handiaren irteera baino lehen Tour giroaz gozatzeko, egunero motorreko trafikoak hartzen dituen kale askotatik ibiliz.
Txikienei (eta ez hain txikiei) begira, hirian zehar giro horretan ibiltzeak bizikletarekiko atxikimendu handiagoa sor diezaieke, mugitzeko modu jasangarri gisa, bere garapenerako kirol giro osasuntsua bizi den bitartean, eta lehiaketa-txirrindularitzaren inguruan interesa sortzeko aukera, laster iritsiko den ‘Grande Boucle’rekin batera.
Euskadi Txirrindularitza Fundazioak antolatzen dituen jai hauen erronka txirrindularitza sustatzea da, bai kirol eta aisialdiari dagokionez, bai mugikortasunari dagokionez, bizikleta ibilbide laburreko eguneroko joan-etorrietarako garraiobide gisa erabiltzea bultzatuz. Azken batean, bizikletaren erabilera sustatzea eta Euskaditik igaroko diren etapen emozioa aurreratzea, familiak inplikatuz, jai-giroan garatuko den jarduera baten bidez.
Datak:
- Maiatzaren 7an, igandea, 11:30etatik aurrera Donostian (Sagues).
- Ekainaren 4an, igandea, 12:00etik aurrera Gasteizen (Ama Zuriaren Plaza).
- Ekainaren 25ean, igandea, 12:00etatik aurrera Bilbon (Areatzako Kaia).