Grand Départ Pays Basqueko martxek Frantziako Tourreko tradizioan eta kulturan oinarritutako diseinuak estreinatuko dituzte

- Donostia-Baiona-Donostia, Gasteizko Proba Zikloturista eta L 'Étape Bilbao by Tour de Franceko maillotek Tourreko hiru sari nagusiak identifikatzen dituzte: horia, berdea eta puntu gorriduna.
Frantziako Tourraren etorrera aukera paregabea da Euskadin txirrindularitzarekiko sentitzen den grina erakusteko. Eta gogo hori erakusteko moduetako bat gure errepideetan pedalei eragitea izango da. Herritarrak eta txirrindulari zaleak ospakizun erraldoi honetan partaide senti daitezen, Grand Départ Pays Basque Frantziako Itzuliko lehen etaparen (L 'Étape Bilbao by Tour de France) erreplikaren sorreran sartu da eta euskal egutegiko bi proba tradizionalen edizio bereziak garatzen elkarlanean dihardu, Donostia-Baiona-Donostia eta Gasteizko Proba Zikloturista, hain zuzen ere.
Txirrindularitza eta Frantziako Tourra batzen dituen ospakizun handi honen barruan, parte-hartzaileek mugarri historiko honetako arropa esklusiboak jantzi ahal izateko apustua, lehen aldiz 1903an egin zen eta ordutik txirrindularitzako, ahaleginez eta pasioz, pasio handiz betetako istorio bikain eta epikoak idazteari utzi ez dion ‘Grande Boucle' erronkaren tradizio sakonean oinarritu da.
Bai kolore horia, bai ikurrina, bai Grand Départ Pays Basque eta Ongi eTOURriren identifikazio ukituak ezin ziren falta hiru arropetan lotura gisa. Lasterketako inaugurazio-eguneko ibilbide bera zeharkatzen duen Bilboko probak, lepoan eta eskuineko maukan kolore horia darama, 1919. urtean lasterketako liderra identifikatzeko ezarri zen maillotaren omenez. Jaizkibelerako igoera ikusgarria barne hartzen duen Donostia-Baiona-Donostia lasterketako maillotean, 1975etik mendiko erregea bereizten duten puntu gorriak nabarmentzen dira. Eta 1953an puntukako sailkapeneko edo erregulartasuneko irabazlea bereizten duen maillot berdea sortu zen. Gasteizko Proba Zikloturistako parte-hartzaileek elastiko esklusibo hori jantzi ahal izango dute.
Santinik (Frantziako Itzuliaren hornitzaile ofiziala) esklusiban egindako eta Frantziako Tourra Euskadira iristea ezin hobeto irudikatzen duten hiru elastiko hauekin, hiru proba zikloturistetako edozein irteera hartzen duten parte-hartzaileek historikoa izango den aukera batez gozatu ahal izango dute eta horren parte sentitu, Grand Départ Pays Basque ekitaldiaren barruan euren pedalkaden lekuko leial gisa betirako gorde ahal izango dituztelarik.