Cabestanyren mugak

egilea: Ander Izagirre,
Cabestanyk ez zituen berriro ikusi 1986ko Tourreko garaipenaren irudiak. Hogeita bost urte geroago ikuslez betetako areto batean jarri zizkiotenean oihu dibertigarri eta era berean urduri bat atera zitzaion:
- Ez naizela iristen, ez naizela iristen!
1986ko Pello Ruiz Cabestanyk, Seat-Orbeako elastiko txuri-urdinarekin, Evreuxeko helmugarako zazpi kilometro falta zirela aldapa batean erasoa jo zuen, Eric Vanderaerdeni esprinta prestatzen ari zitzaion Panasonic taldearen trena hautsi zuen, Federico Etxabe harrapatu zuen, azken kilometroko igoera txikian utzi zuen eta aldapan gora zihoan, zutik, ito eta zelan eseri zen arte. Indarrak gaizki kalkulatu zituen.
- Ez naizela iristen!
Bera baino askoz ere abiadura handiagoan, ziztu bizian zetorren tropela gainera botatzen ari zitzaion, Vanderaerdenen maillot berdea buruan zuela bere indar guztiekin pedalei eraginez. Cabestany berriro zutitu zen...
- Hau ez dut ulertzen. Ez dakit nola esprintatu ahal izan nuen berriro.
... eta azken arnasa luzatu zuen, helmuga lehenengo zeharkatu arte. Eskuak altxatzeko astirik ere ez zuen izan. Pedalei eragiteari utzi eta burua bularrean sartu zuen, bat-batean entxufea atera baliote bezala. Vanderaerdenek azkar aurreratu zuen, haserre, berandu.
- Nire mugetatik haratago iritsi naiz - adierazi zuen Cabestanyk bere garaipenaren ondoren.
Tourmaleteko muga
Urtebete lehenago, 23 urte zituela, Pello Ruiz Cabestany donostiarrak beste muga bat gainditu zuen. Pirinioetako etapa nagusian, Col d 'Aspinen erasoa jo, Pepe del Ramo taldekidea harrapatu eta bere gurpilean itsatsita kilometro batzuk egin zituen. Tourmaleteko lehen aldapetan bakarrik jarraitu zuen.
Frantziako Tourrean ihes eginda Tourmalet igotzean zer sentitzen den galdetzen diotenean, Cabestanyk buruari eragiten dio, pixka batean isilik geratzen da eta ahapeka askatzen du.
- Bitxia da: txakurrak bezala sufritzen nuen, baina ez nuen sufritzen. Gozatzen ari nintzen, halako unea dastatzen, txikitan Miroir du Cyclisme aldizkarian ikusten nuen mendate mitikoan ihes eginda, txirrindularitzaren historiako txapeldunen agertokian… Lainoa sartu zen eta animatzen ari zen jendeak osatutako ilaren artetik igotzen ari nintzen. Han zeuden nire gurasoak, nire lagunak, euskal zale asko, ni animatzen, hegan ari nintzela sentitu nuen. Tourmalet igo nuen, ume bat bezala, jolasean.
Hiru minutuko aldea lortu zuen, eta egoerak mesede egiten zion. Bernard Hinault liderra jota zihoan, egun batzuk lehenago sudurra apurtu zuelako; bigarrena, Greg Lemond, bere taldekoa zen eta ez zen mugituko; eskalatzailerik leherkorrena, Lucho Herrera, lasai igotzen ari zen kolonbiarrek Hinaultekin zuten itunaren ondorioz: haiek urrunetik erasorik ez egiteko konpromisoa hartzen zuten, lasterketa ez iraultzeko konpromisoa, eta trukean Hinaulten taldeak laguntza emango zien garaipen partzialak lortzeko. Herrerak bi etapa irabazi zituen eta mendia, Fabio Parrak etapa bat eta maillot zuria, Hinaultek Tourra irabazi zuen.
Beraz, faboritoen taldea erritmo bizian igotzen ari zen Pedro Delgadok erasoa jo zuen arte. Segoviarrak bigarren egin zuen Tourmaleten, Cabestany taldekidearengandik minutu eta erdira. Faboritoak ia hiru minutura iritsi ziren.
1985eko Tourreko etapa hau estrategia perfektuaren adibide gisa igaro zen historiara, arbeleko jokaldi borobila, hiru mendate handi eta Seat-Orbeako hiru txirrindularirekin, euren eraso mailakatuak elkarri laguntzeko eta Perico Delgadok Luz Ardidenen lortutako garaipenarekin errematatzeko. Cabestanyk irribarre egiten du.
- Dibertigarria da nola kontatu zen etapa hura, ez baitzegoen planifikatuta. Ikusi nuen Del Ramok oso abantaila txikia zuela Aspinen, ez zuen minutu bat baino gehiago lortu eta harrapatzen ari ginen, beraz, nire kabuz erasotzea erabaki nuen. Garai hartan ez zegoen pinganillorik, ezta ezer ere. Del Ramo harrapatu nuen, Tourmaletera eraman ninduen tarte batean, baina lehertuta zihoan, berehala bakarrik geratu nintzen buruan eta hiru minutu hartu nituen. Nik eraso egin nuen etapa irabazteko. Eta Delgadori inork ez zion eraso egiteko agindu, berak erabaki zuen.
Txomin Perurena Seat-Orbeako zuzendariak ortodoxia aplikatu zuen: ezin duzu zure taldeko txirrindulari bat ihes eginda eduki eta beste bat atzetik segika. Bietako bat gelditu behar duzu.
Cabestanyk euforiko igo zuen Tourmalet, jaitsieran indarrak berreskuratuko zituela eta gero Luz Ardideneko helmugaraino topera igoko zela pentsatuz. Baina han goian, Tourmaleteko lainoen artean, lerro banatzaile bat zeharkatu zuen. Cabestany 23 urteko gaztea zen, talentu handikoa, eta ordura arte txirrindularitzaz gozatu zuen erasotzen, segadak egiten, ezustekoak asmatzen, jolasean. Horrela irabazi zuen 1985eko Euskal Herriko Itzulia, bere etxean, etxeko taldearekin, munduko onenen aurka, jaitsiera batean erasoa jota; horrela borrokatu zuen 1985eko Espainiako Vuelta, non etapa bat irabazi zuen, maillot horia jantzi zuen zenbait egunetan, garaipena lehiatu zion Robert Millarri azken-aurreko etapara arte, eta ezinbesteko pieza izan zen eskoziarra despistatzeko, Delgadok Vueltan espero ez zen garaipenaren bila ihes egiten zuen bitartean. Baina Tourmaleten, Cabestany hain txirrindularitza axolagabe hartatik askoz serioago batera igaro zen. Taldeko bigarren zuzendariak autoko leihatila jaitsi eta berarentzat kolpe latz bat izan zen agindu bat eman zion.
- Euritako bat eman zidan jaitsieran babesteko eta esan zidan: “Pello, Pericori itxaron behar diozu, bakarrik dator eta.” “Zer?” ”Baietz, Perico datorrela, gelditu.” Negarrari eman nion. Oso astiro jaitsi nintzen, atzera begira, negar zotinka. Lehena izan nintzen Tourmaletetik pasatzen eta negarrez jaitsi nintzen.
Cabestanyk dio norbaitek argiak itzaliko balitu bezala izan zela.
- Eszenatokiaren erdian sentitzen nintzen, Tourrean Tourmaleten ihes eginda, eta bat-batean norbaitek etengailuari eman eta festa amaitu zen. Izar izatetik obeditzeko ordaintzen dioten txirrindulari izatera pasa nintzen. Lurrera jaitsi ninduten bat-batean.
Cabestany Delgadoren zain geratu zen, jaitsieran gidatu zuen eta Luz Ardideneko lehen aldapetan gora eraman zuen.
- Dena eman nuen. Argi neukalako: garrantzitsuena taldea zen, zuzendariaren aginduak bete egin behar ziren eta gainera Perico laguna nuen. Ez dakit zenbat kilometro eraman nuen gurpilean, baina ezin hobeto gogoratzen dut zein bihurgunetan lehertu nintzen. Orain eramaten banaute, ezagutzen dut.
Cabestanyren lan horrek, ziurrenik, porrotaren eta garaipenaren arteko aldea markatu zuen: Delgadok segundo mordoxka batengatik irabazi zuen etapa, azken mendatea ziztu bizian aldea murriztuz igo zuen Lucho Herreraren aurka. Seat-Orbeak bere lehen garaipena ospatu zuen Tourrean, Cabestanyk txirrindularitza profesionalaren ikasgai mingotsetako bat jaso zuen eta ekinean jarraitu zuen hurrengo urtean bere garaipenik gogoangarriena lortu zuen arte: eskuak altxatzerik ere izan ez zuen hura.