Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Amorebieta-Etxanok Frantziako Tourreko "Ville à Vélo" ziurtagiria lortu dute

- Udalerriek eguneroko bizitzan bizikletaren erabilera sustatzeko martxan jarri dituzten ekimenen aitorpena da.
- Vitoria-Gasteizek lortu du puntuaziorik altuena, 4 ‘vélo’, Donostiak 3 eta Bilbok eta Amorebieta-Etxanok 2.
Frantziako Tourrak Grand Départ Pays Basque 2023ko hiriek egindako lana aitortu eta saritu ditu "Ville à Vélo" zigiluarekin. Sari honek, udalerriek beraien egunerokotasunean txirrindularitza sustatzeko martxan jarritako ekimenak aitortzea du helburu. Vitoria-Gasteizek lortu du puntuaziorik altuena, 4 ‘vélo’, Donostiak 3 eta Bilbok eta Amorebieta-Etxanok 2. Sari honekin, Grand Départ Pays Basque 2023ko lau udalerriek nazioarte mailako aitorpena jaso dute, hiri-inguruneetan bizikletaren ekosistema garatzeko hartutako konpromisoagatik.
‘Ville à Vélo du Tour de France’ etiketa 2021ean sortu zen eta txirrindularitza profesionala mugikortasun iraunkorrarekin lotzea du helburu. Munduko karrera profesional handiena iristeak ilusio handia sortzen du herritarrengan, eta erronka, energia hori eraldatzea da bizikleta garraiobide iraunkor eta ekologiko gisa sustatzeko.
Akreditazioa lortu ahal izateko, udalerriek bizikleta sustatzeko dauden sistema guztiak nabarmendu behar dituzte eskaeran, eta epe labur eta ertainerako garapen planak aurkeztu behar dituzte tokiko mailan. Azpiegituren hedapena, txirrindularien segurtasuna hobetzea, bizikletan ibiltzen ikastea, aparkatzea eta lapurreten aurka borrokatzea, mantentze eta konponketa lanak, etab. dira baloratzen diren irizpideetako batzuk.
Azken batean, bizikleta garraiobide, aisialdi edo kirola egiteko tresna gisa garatzen laguntzeko abian jarritako neurriak. “Ville á Velo” ziurtagiriaren 3. edizio honetan 32 hiri aurkeztu dira.
VITORIA-GASTEIZ 4 ‘VÉLO’
Azterketa txostenaren arabera, “Gasteiz, Europako Hiriburu Berdea (2012) eta Global Green City (2019) aukeratutako hiria, zalantzarik gabe mugikortasun iraunkorrarekin konprometitutako lurraldea da. 2010az geroztik, Bizikleta Mugikortasunaren Plan Zuzentzailearen bidez, hiriak kuantitatiboki eta kualitatiboki garatu du hiriko biztanleentzako mugikortasun-aukera hori.
Bizikleta garraiobide gisa (adin desberdinetako publikoentzat), merkantzien logistika garatzeko behin eta berriz egindako inbertsioen bidez, eta baita kohesio sozialerako programen bidez ere ("Biziz, adinik ez"), argi dago hiriak bizikletaren eguneroko erabileraren onurak aprobetxatzen jarraitzeko ulertzen eta jarduten duela. Azpimarratzekoa da Vitoria-Gasteizek 171 km-ko ziklo-azpiegitura sarea duela gaur egun, eta horien artean 90 km pista eta bizikleta-espaloiak daudela. Horri esker, biztanleek bizikletaz mugitzeko aukera dute, segurtasun-maila handiarekin”.
DONOSTIA 3 ‘VÉLO’
Donostiak 3 bizikleta lortu ditu Ville à Vélo etiketan, hirian bizikletan mugitzeko baldintzak hobetzeko egindako ekintzen isla. Dokumentuan jasotzen denez, “Donostia Bizikletaren aldeko Hirien Sarearen sortzaileetako bat da, eta hamarkada bat baino gehiago darama mugikortasun iraunkorra garatzeko benetako anbizioa erakusten. Gaur egun, sare ia jarraitua du hiriak (tunel eta lotura giltzarrien sorrerari esker), eta horri esker, lurraldeko hainbat auzotan ibiltzen dira”.
“Bestalde, hiriak erabiltzaileei emandako zerbitzuak garatzeko egindako ekintzak nabarmendu behar dira. Duela ia 20 urtetik hona, ia 9 mila aparkaleku dituen planta bat sortzeko jardun du hiriak, epe luzerako aparkaleku segurua bermatzen duten hainbat gune barne hartzen dituena. Era berean, hirian bizikleta partekatuak alokatzeko zerbitzua dago (Dbizi), hiriko puntu estrategikoetan banatutako 9 geltokirekin” azpimarratzen da.
BILBO 2 ‘VÉLO’
Bizkaiko hiriburuari dagokionez, hurrengoa azpimarratzen du txostenak: “Bilbo, duen hiri-dinamismoarekin eta kultura-eskaintza handiarekin, hiri ibilgarria izan da historikoki. Hiriak 'Bilbao 30' politika ezarri zuen 2020an, bide-segurtasuna sustatzeko eta mugikortasun aktiboari ikusgarritasun handiagoa emateko (bizikleta bidezko mugikortasunerako espazio partekatuak eta bereiziak sortzeko araudia). Politika hori 2017an ezarritako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren (HMIP) ondorio da. Plan horren helburu nagusia bilbotarren mugikortasuna hobetzea da, mugikortasun aktibo eta kolektiboko eskaintza jasangarriago eta bidezkoago baten bidez. Azpimarratu behar da HMIPk bizikleta azpiegitura handitzeko eta aparkatzeko zerbitzuen eskaintza handitzeko proposamenak jasotzen dituela”.
AMOREBIETA-ETXANO 2 ‘VÉLO’
Azkenik, Amorebieta-Etxanoko 2 ‘vélo’-ei buruz, ikerketak zehazten du nola udalerriak lotura estua duen “kirol-txirrindularitzarekin. Aldizkako kirol-ekitaldi askoren antolakuntzari egindako harrera eta babesa, eta duela 75 urte baino gehiagotik Amorebieta Txirrindulari Taldea egotea, udalerriko biztanleek txirrindularitzarekiko duten gogoaren lekuko dira. Bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionez, udalerriak bultzada handia eman du inbertsio ekonomikoarekin, eskualdean mugikortasun arazoak hobetzeko. Udalerria bizikletentzako azpiegiturak sortzen ari da, Iurreta eta Galdakao lotuko dituen pista kasu, herritarrei kalitatzeko mugikortasun aukera bat eskaintzeko helburuarekin. Udalerriak saria eta errekonozimendua merezi ditu, kirol txirrindularitzari emandako babes historikoagatik, eta azkenaldi honetan, bizikleta bidezko mugikortasunaren alde egindako lanagatik”.